Ostopetarra

Landa-ta-ibar


Ostopetarra *
Gure Herria, 1933-3 eta 6, hamahirugarren urtea


Eiheraldeko zubitik, Zernaizeko kaskorat; Ipharlatzetik Lapharzabalerat, alhor eta phentze, landa eta ibar, bazter eta hegal badu Landibarrek. Ditake munduan erresuma xumeagorik; ez bide bakekariagorik. Bithirinatik, Armendaritzeraino, Ostangoa, Izura, Larzabale, Ainhiza, Suhuskune eta Iholdi barne, auzo eskasik ez du: bizkitartean ororekin du bakea.
Egiaz, auzoekin bakean bizitzea etzaio nekhe: Behaunetik, Azkonbegirat, ibarra ongi maldatua daukate mendi gothor eta aldapa nasai batzuek. Bere ixurgiak ditu: Bithirinan barna, Donaphaleurat eta, Zimitz errekan gaindi, Iholdirat. Astean bietan, igorten dio harek ber okhinen ogia; hunek, egun guziez, mundu zabaleko berri. Hamabostetik deramazkio, harek bere borthako-aratxeak; hunek bere antzara-oilaskoak. Landibarrek aldiz biltzen heien sos xuri-gorri ederrak… nun ez derauzkioten bere papertto urdin-maxkaroak uzten!

Ibarra bi zathitan ezagutu othe du Landibartar zaharño hunek?
1. — Bi zathitan ibarra
Mende osoak, ibarra bi zathitan egon da: Landibarre-eiki ez da oraikoa; ukhan ere du ospa gehiago eta hazi jendetze handiagoa. Duela zazpi-zortzi ehun urthe, Baxenabarreko zazpi «baronia» handietarik bat zen, Nafarroako eregeen meneko eta Akizeko bizkundeen eskupeko. Ez giniakike xuxen noiz ez nola erori zen Lukuzeko jaunen eskuerat. Hamahirugarren mendean, Gaillard, Akizeko aphezpikuaren eta Amanieu, Amikuzeko diakre-nausiaren baimenarekin, Piarre-Arnaud II Lukuezkoak ipar-pea eskaini zion Nikolas, Lehuntzako abadeari, ibar-gaina beretzat idukitzen bide zuela. Emaitza hori da, Landibarrez liburu zaharrek aiphu duten lehen goiti-beheitia. Bere arbasoen berri zakikeen Piarre-Arnaud jaunak; bethidanik gizon gose eta gogorren omena zuten Lukuzetiarrek. Umeetan, heien odolak ez othe zukeen khalda bera? Lotsa bat bihotzean zuela jaun jainkotiarrak dirudi, eta bere emaitza behin-bethikotz nahi ukhan zuen bermatu. Hortakotz zituen Behauneko elizarat bildu Bernat eta Lup-Bergon, bere bi anaia fraide zirenak, bat Lehuntzan eta bestea, Sordesen; Piarres de Gramont, Utsiateko gehien eta Oztibarreko aphez nausia. Eliza jendez mukurru bethean, Lukuzeko jaunak Ebangelio sainduaz zin egin zuen, bere eta ondokoen izenean. Behauneko lurrak Lehuntzako abadiari uzten zituela.
«Cum, secundum Apostolum, operandum sit bonum ad omnes, maxime vero ad domesticos fidei, dio emaitzaren ageriak, notum esse volo tam praesentibus quam futuris, quod ego, intuitu pietatis ductus, pro salute tam animae meae quam parentum et praedecessorum et successorum meorum, locum qui dicitur Behaum, cum omnibus dependitiis suis, sicut eum tenuit pater meus et ego post ipsum… devota et libera largitione, Domino Nicolao abbati et fratribus Hontiae Praemonstratensis ordinis, contuli perpetuam eleemosynam perpetius temporibis pacifice et libere possidendum… Ista eleemosyna et donatio facta fuit apud Behaum, in ecclesia Sancti Petri, super altare, par ramun et cespitem in praesentia quamplurinum clericorum et etiam fratrum et sororum ibidem degentium».
Jendea iragankor eta ahanzkor dela zakielakotz, — «quia generatio praeterit et labilis mortalium memoria»— ahal zituenak egin zituen bere eskaintzaren gogoetan finkateko. Zion ere: begia eta eskua atxikiren zituela faideen zuzenak nehork ez zitzan zangopetan eman: «Juravi quod fratribus molestiam vel gravamen inferri non permitterem». Eta, orduan, indar handiak baitzituen Elizak, haren gerizaren pean jarri zituen Behauneko nausi berriak: «Petrus de Gramont, prior d’Utxiat, auctoritate pontifica, excommunicavit omnes illos qui de caetero reclamabunt vel se opponent donationi». Ageri da, bere eskaintzari Lukuzeko jaunak ahal zuen gogortasun guzia eman nahi ziola.
Ordutik da ibarra bi zathitan gelditu: ibar-gaina, aphez beraren meneko zauzkala Jaundozteiko eta Azkonbegiko elizak: lehena Jondoni Ezteberen eta bigarrena Jondoni Xipirenen izenean; ibarpea, Behauneko fraide gehienak menpeko zituela Jondoni Petriren eta Jondoni Martineren elizak. Erreboluzione handiraino, bi eskualdeek, beren saila, bereber daramakete, batak besteaz axola handirik gabe.

*

Xehetasun guti dakigu ibargaineko goitibeheitiez: gaintiarrek, beren xokoan, etxekoz etxeko goratzen zituzten beren zorionak eta jasaiten beren ezinbesteak. Bikarioa lagun, bere bi elizetako fededunak lorian zeramazkan Jaundozteiko erretorak. Diotenaz, oilasko baino talo ardurago jaten ohi zuen; bainan ni beldur hori petiarrek asmatua dutela. Dena dela, gaineko aphezak jaun xehe ziren Behauneko erretor aberatsen aldean.
Bos-pa-sei erretoren izenak zauzkigu doi-doia heldu: Jean d’Etcheverry (?-1712), Damestoy (1712-1736), de Haramboure (1736-1766), Borge (1766-1770), Erreca-Etchevers (1770-1786), Amexague (1786-1791). Horietarik hirugarrena herriko ume eta Haranburuko seme bide zen, Henri IV-gerrenaren aintzindari-nausi baten odoletikakoa. Hogei-ta-hamar bat urthez, zeruko bidean bidatu zituen bere herritarrak; eta Borge, Arburtiar bikarioari utzi zion Jaundozteiko eta Azkonbegiko erretorgoa. Hau, hogoi ta hamar urthetan, hil beharra zen subitoki : Jondoni Ezteberen elizan ehortzia da eta aphez horren hil-harria han ikhus ditake oraino.

*

Gaintiarrek ixil bezain, petiarrek liphiztari ukhanen dituzte erretorak. Hauk, bizkitartean, Behauneko erretorgoa komentuko gehienaren eskuetan zenaz geroz, —fraide ziren denak. Bainan fraideek ere beren itzalak ba; eta iduri luke Behauneko gehienak etzirela oro gibel onekoak. «Ah! Ces bons moines!… ces bons moines!» erraiten ohi zuen Pierre d’Eliceiry jaunaren emazte dohakabeak.
Peko erretoretan aiphatuena, Marc Antoine d’Eliceiry herriko seme zen. Gizon antze eta hedadura handikoa, Marc Antoine, bai eta larderia gaitzekoa. Akizeko jaun aphezpikuak, urthe laburrik barne ezagutu zuen eta, bikario handi, laguntzat hautatu, diosesaren gobernatzeko. Erne eta biphil, hiruetan hogoi urthez bidaturen du herria eta, hogoi bat urthez, Amikuzeko eskualdea: nagi loloek ez baitzuten lore!
Dohazinak eta dathozinak. Lau sorth-aralde.
Bainan bethidanikako errana da: «Nola aphezaren khantatzea, hala, bereterraren ihardestea» Marc Antoine d’Eliceiry-k bere menekoeri ozen eta gora manatzen ohi zeien; menekoek ere ordea Marc Antoine d’Eliceiry-ri, artetarik ozenkiago eta gorakiago ihardesten: zainak axal, alabainan, laphitzaren gainean sorthuek. Dena dela, 1665-an, bere menekoekin auzitan zen Marc Antoine d’Eliceiry. Jondoni Martineko serora aphezak bere burutarik hautatua zuen; Landibarreko etxeko jauneri hori gaitzitu zeien eta erretorari oldartu zitzaizkon: baizik eta herritar guzier zela andere-seroraren izendatzea. Ez dea bada bitxi? Denborak joaki eta… gure herrietako goiti-beheitiak bethi bertsu egoki !
Erretor borthitz eta biphila hil zeielarik, Behaunen 1636tik eta 1696rat egon ondoan, bixtan da Landibartar gaizoak hatsa hartu nahituxeak zirela. Aphez biphil horren ondotik «ardi buluziari haizea izartzen» dion Jainkoak Behaundarreri igorri zeien pausuko gizon bat: Piarres d’Eliceiry Marc Antoinen anaia. Odol beroko gizonak zirela Eliceiry-tiarrak: mendeak lekhuko hor ditugu. Bainan adinak ez othe dauka odol irakituena bera laster hilikiturik? Eta bada, Behauneko erretor sarthu zelarik, Piarres d’Eliceiry-k… lauetan hogoita sei urthe zituen! Harritzeko dea ezinduxea bazen ere eta, denbora laburrik barne, erretorgoa utzi behar ukhan zuen.

*
Hatsa hartu nahi, eta, —futxo!— epherik ez: phausuaren gozoa jastatu zuten bezain laster, huna nun gure petiarrek erretortzat ukhanen dituzten hiru Xuberotar, bat-bestearen gainean: Bisquey (1698-1701), Domecq (1701-1747), de Suhare (1781-1789). Eta ez direla Xuberotarrak loloetarik, gauza jakina da. Sohuta-Bizkaiko semea zen lehena. Iragaitea baizik etzuen egin Behaunen: herriko liburu zaharretan, haren izena ez dugu hiru-lau urthez baizik kausitzen? Gero zer bilhakatu zen, ez giniakike; beste zerbait kargutarat deithua izan zitakeelako beldurra dugu.
Bisquey Sohutarraren ondotik, Domecq Bildoztarrak zuen ukhan Behauneko erretorgoa. Erretor berria gazte zen eta hein bat minbera. Herrian gerthatu zitzaion bada, —nunbaitikako zorthe gaistoa!— andereño bat kilikaz zorrik batere etziona; Eliceiryko etxeko-anderea. Delako anderoak delako aphezñoari borthakoak bahitu ziozkan Behauneko oihanetan; eta hori delako aphezñoari gain-gainetik gaitzitu! Auzitan hasi ziren bai; eta, hogoi urtheren buruan, oraino, bai delako andereñoa, bai delako aphezñoa, biak bata-besteaz, handizki arrengura ziren. Zahartzearekin, bizkitartean, zebatu bide zen Bildoztar beroa eta dirudi bakeanxe ereman zituela bere azken urtheak.
«Hi handi, ni handi; nurk erranen dü gure astuari: arri?» diote Xuberotarrek: horrek galdu zuen Domecq; horrek galduren du de Suhare. Behauneko erretora eta Jondoni Martineko jauna zoin handiago beharrez ariko dira. Eta zorigaitzez biek batean diote astuari erranen: arri!… hain saminki non putarka joanen baitzeie, debruek hartua!
Behaunerat heldu bezain sarri, de Suhare jaunak nahi ukhan zuen «baronia»-ko jujeen artean jarri eta d’Eliceiry jauna heien gehiengoaz gabetu. Eliceiry-tiarrak ez baitziren ordea marrakarik egin gabe larru zitazkeen gizonetarik. Jondoni Martineko jaunak Paberat oihu egin zuen eta Pabetik ardietsi Landibarreko auzbakidetik erretoraren kanpo emaitea.
Laidoa barna hartu zuen erretor handigurak; eta huna nun zuen mendeka-bidea, ezen Erramu-eguna hurbiltzen ari baitzen. Ohidura zaharra zen eiki, egun hortan, erretorak herriko jaunari erramu benedikatu lehen aldaxkaren ohorea eman zezon. Bere etsaiari ohore hori eman baino lehen, de Suhare jaunak, urthe hartan, erramurik etzuen benedikatu. Sumindua, d’Eliceiry bigarren aldikotz Paberat hersatu zen eta Pabek ihardetsi zuen ohidura zaharrak behar zitela eduki. «La cour fait défense tant au dit Prieur de Behaune qu’à tous les autres prêtres du ressort de rien innover dans l’usage établi pour l’exercice des offices divins, sans y être autorisés par une ordonnance de l’Evêque diocésain, préalablement publiée aux formes ordinaires en conformité des ordonnances royales».
Zauria zauriaren gainerat, ber erabakiak de Suhare jaunari kalonje izenaz agerien bermatzeko zuzena ukhatzen zion. «La cour fait défense tant au dit Prieur de Behaune, qu’à tous autres religieux de prendre dans les actes d’autre qualification que celle de Frère». Eskarda bat begi-ñiñikan sarthu baliote ere, ez bide zuen bihotz-zimiko saminagoa harturen erretor gaizoak: hain baitzen kalonje izan nahitan. Egiaz, bere hartan koskatua egon zen, eta ordutik, atsegin bat zitzaiola lirudike bere izenaren ondotik bere kalonjegoaren aiphatzea.
Oraino berritan, ertor-etxeko berina batean, orratz puntaz finkatuak irakur zitazkeen hitz hauk: de Suhare, chanoine. Mendearen buruan, de Suhare jauna kalonjegoari zoin zen atxikia, agertzen zuten; eta, delako berina, duela zunbait urthe, langile herrebes batek hautsi duelarik, kalonje nahiak, beste munduan, handizki senditu duke.
Behauneko eliza, Marc-Antoine d'Eliceiry-k utzi sosarekin handitua eta edertua.

Xuberotarrek harrotu bazterren ematzeko. Akizeko jaun aphezpikuak, anartean, Laphurtar bat igorri zuen Behaunerat erretor: Jean-Baptiste Darrigol Lehunztarra (1764-1781) Komentu zaharren berritzeari, bero-beroa, lothu zen Darrigol, athe-gaineko harrian emanak diren neurthitzek agertzen daukutenaren arabera:
Flamen, tecta reaedificare labentia curat,
Ad laudem Domini, Darrigol, ipse sui.
«Bere Jainko Jaunaren loriakotzat, Darrigol apheza bermatzen da erorterat dohan etxearen altxatzerat». Darrigol jaunaren neurthitzek gauza handirik ez dute balio, bat bada ere osoki maingu dena. Zorionez lana neurthitza baino hobeki zeraman; eta, nahiz hasi lana ez duen bururaturen ahalko. Landibarreko erretorek hari zor diote egoitza bat gozoa eta nasaia. 1781ean eiki Darrigol Subernoarat izendatua izan zen. Golde nabarrak, ildo erditan uzten zituela, Behaunetik urrundu zen beraz: Atque, opere in medio, defixa reliquit aratra. Eta mende osoa, lana egonen da erdi-egina, nehork ez baitu berriz golde-giderrari lothu nahiko!

II. — Lauak bat
Hemezortzigarren mendean, erresuma osoa pekoz-gora eman zuen Nahasmendu Handiak Landibarreko xokoa ere jo zuen; ez halere beste asko toki bezain borthizki. Ibarreko bi erretorak: dela gainekoa, Amexaga Izuratarra, dela pekoa, Saint-Jaime Suhuskundarra, bakhotxa bere arthaldearen erdian egon ziren, gordeka zituztela batak altxatzen, besteak sustatzen, oro argitzen eta bazkazen. Bizkitartean, 1793an, biek Espainarat lekhutu behar ukhan zuten, Eliza Gobernamenduaren menpeko egiten zuen Legea ez baitzuten onhartu nahi.
Otsoa barrandan zagoela jakinki eta, bixtan da gure bi artzain suharrak azken beltzean baizik etzirela herritik urrundu. Gobernamenduak alabainan Landibarrerat bidaliak bazituen hiru aphez «assermentés» zirelakoetarik: Etcheverry, Lasa-Inchauspeko semea, Pierres Harguindeguy, Muñulastarra eta Piarres Harispe, Bidarraytarra. Lehena, «aphez beltza» deitzen ohi zutena Behaunen zagon; beste biak aldiz Jaundoztein eta Azkonbegin.
Beren ezinbestean, bai Amexagak, bai Saint-Jaimek, bihotzean minaren eztigailu, zeramaten, bizkitartean, atsegin hau: arthaldeak otsoetarik zaintzale bazukeela; ezen, xoko huntan bakea zuketeelako ustekundean, asko beste herrietako aphezek Landibarrerat ihes egina baitzuten: hala nola, Elgue Orzaiztarrak, Paul Donibandarrak, Saubidet Aruarrak: gutartean gehienik egon zirenak baizik ez aiphatzeko. Horrela, tokiko bi erretorak urrunduak izana gatik, Landibartar fededunek bazakiten aphezketa norat jo. Gau guziez, han edo hemen, entzun zezaketen meza saindua; igandetako eginbidea bethatzen ohi zuten sarri Jondone Marti-Karrikaburuan edo Ahantzetan, sarri Azkonbegi Emategian edo Jauregian, sarri Behaune Elizetxean: nola baitzen gerthatzen. Jaundoztei Haranburuan ere ardura bazuten apheza: hango oihan zokhoetan ala baitziren gostura beren urhatsen egiteko!
Landibarren, holaxet, doi bat goxoki iragan zituzten ordu nahasi hetako egunik latzenak, eta nahiz lau elizak hetsiak ziren, bat-bederak, erlisioneko gora-beheretan, errextasunak oro bazituen, alabadereko irriskurik gabe. Herriko artzain zuzenak berak ere, bestalde, lehiatu ziren Espainiatik, lehenbailehen sartzerat, eta, bakhotxa bere xokoan, sailari arralothu ziren: Amexaga 1795ean et Saint-Jaime 1799an.
Haranburuko sutoki gaina. Ibarreko lau elizak hetsiak ziren egun nahasietan, jendea Ibaranburuko jauregirat biltzen ohi zen mezaren entzuterat : eta aphez ihes zohazinak, askotan sutondo huntan berotu bide dira.

Azkenean bada, erauntsi gaistoa ere baratu zen eta bazterrak ziren zebatu. 1801ean Napoleonek hautsi-mautsi bat Aita Sainduarekin egin zuen Elizaren harat-hunataren gainean. Gauzak laster ziren, orotan, xuxendu, erresumako aintzindari berriaren biphiltasunari esker.
Delako hautsi-mautsiak Landibarre hala nola Amikuzeta Oztibarre Baionako jaun aphezpikuaren eskuetan emaiten zuen. Mgr Loison, 1802az geroz Baionan aphezpiku zenak, Amexaga Ozañarat erretor igorri zuen 1803an eta, hunen orde, Bernat Etchegoyen Haltsuarra Jaundoizterat izendatu. Etchegoyenek bizkitartean, etzuen luzaz ibar-gaineko bakeaz gozatu behar bere arthaldearen ezagutzeko astia ere etzioten utzi: 1804ean eiki Jatsurat bidali zuten erretor. Ibarreko lau elizak aldiz esku beretan eman zituzten eta Saint-Jaime ezarri bai gaintiarren, bai petiarren erretor.
Landibarreko erretorak, ordutik, bere egoitza behar zukeen ontsalaz Jondoni-Martinen, ibarraren erdi-erdian; ondikotz, eliza inguruetan, etzen hortako on zitakeen etxerik; eta, bere familiarekin, Saint-Jaime jarri zen Behaune Etxeberripean.
Gizagaizoari beraz, indarrak ttipitzearekin, handitu zioten karga eta hedatu alhorra. Etzen oraino baitezpada zaharra: berrogoitahamar bat urthe zituenaz geroz; bainan desterruan egona, nahigabe anhitz jasana, ja hautsia zen: Guillemarchand, Donaphaleutar gaztea eman zioten bikaritzat. 1818ko urtharrilaren 22an hil zen Saint-Jaime eta Behauneko eliza athetan zuten ehortzi.

*

Saint-Jaimeren bi lehen ondokoak, 1789tik 1800erainoko egun latzek utzi herexen ezereztatzeari bermatu beharrak ziren. Desmasia gaitzak bazituen delako Matxinadak eginak bai arimetan, bai elizetan: ainhitz munta zuen, lehen bail ehen, batzuen nola besteen suntsitzea.
Arimetako desmasien xuxentzea, bizkitartean, lehen: sail horri lothu zen bada, berehala, Guillemarchand eta jarraiki hogoi bat urthez (1818-1839). Batzarre oneko eta bihotz handiko gizona zen; gozo eta ezti, herrian orok errotik maithatua zuten. Jendearan biltzen bazakien beraz, eta, laster, erlisionea bazterrerat utzia zutenak, bere ontasunaz, ohiko urhatsetarat ekharri zituen.
Ondikotz, bihotzez bezain gorphutzez nasai zen eta, Landibarreko harat-hunatentzat, gantza soberakinak deus ez du balio. Behaunetik Jondoni-Martinerat; Jondoni-Martinetik, Jaundozteierat; Jaundozteitik, Azkonbegirat, bi kintaleko gorphutz bat behar delarik erabili, eta, arduran barurik, gizon baten higatzekoa bada, den indarrez dohatuena izan dadiela ere. Orduan, eiki, erretorak etzuen, nola orai, meza-bezperen emaitea bakharrik Behaunen eta Jondoni-Martinen; hilabete oroz, elizako itzuli guziak behin eman behar zituen Jaundoztein eta Azkonbegin. Harritzeko othe du Guillemarchand gaizoa goizik nekhatu bazen ere?
Bestalde, bi arreba bazituen berekin, dutxuluko mama gorria maitexko omen zutenak. Beren anaia gaizoari suge ederrik irets-arazi zakoten: baitzuen aphez-ophil-onak, zuen bihotz guziaren beharra, arrebek egin saltzen argitzeko eta… egoskitzeko! Dena dela, gazterik hil zen Guillemarchand, orhoitzapenik gozoena uzten zuela herritaren artean.

*

Nola arimak hala elizak, bortxaz, bazterrerat utziak izan ziren 1789tik 1800at, bixtan da hamar urthe heien buruan osoki behartuak zirela: ibarreko lau elizen erreberritzeari bermatu zen Guillemarchand-en ondoko erretora, Hiriart Martin, Kanbo Altxuberhoko semea (1839-1864).
Laphurdin sorthua, Laphurdin (Saran) bikario egona, Laphurtar baten burkhoikeriarekin da bere sailari jarraikiko. Hamabost urthez, sosez-sos, arditez-ardit, bilduko du gogoan dituen gastuen dirua. Sosa bildu duen bezain laster, lothuko da lanari; 1854-1855etan, aphainduko du Behauneko eliza, zeinutegia, berrituko: eta, 1864ko buruilaren 8an, hilen delarik, Kauteresetako elizan, meza sainduaren emaiterat dohalarik, Jondon-Martineko lanak ederki hasiak izanen ditu.
Gizon azkarra zen Hiriart Martin, otsoaren parekoa omen. Bainan, —beren indarren neurria ez dakiten gizon guziena da— bere burua higatu zuen. Lau elizetako harat-hunatak, uda ala negu, bethi oinez zeramatzan, orai izerdi trenpan, sarri hotzak airean, iguzkiak iguzkiari, euriak-euriari : ez baita holakorik burdinaren beraren trenkatzeko.

*

Aiphatu dugu Landibarreko arnoak zer buru-hausteak Guillemarchand gaizoari eman ziozkan; gutik egin zituen Hiriart Martini ere ez baitzion bere uztarra sendi-arazi. Gauzak, berritzearekin, hobeki joanen direla, bethidanikako ustekundea eta gizonaren lilluramendua. Hortakotz, erresuma bat pekoz-gora emaiten dutenek, beren-alde dituzte beharrak eta errumesak; eta bethi badira nahaskeria batetarik zerbait idurikatzen dutenak. 1848Ko otsailaren 24ean, Paristarrek errege iraizi zuten eta Errepublika jarri. Berria orotarat hedatu zen, ximistaren pare, eta, agindua zaion «libertate»-ari, jendea loriatua zagon. Han-hemenka, gerthakari horren orhoitzapenetan, landatu ere zituzten zuhaitz batzu, «libertatearen zuhaitzak» deithu zituztenak; eta, asko lekhutan, zuhaitz horiek, ospe handitan, aphezeri benedika-arazi zituzten.
Nork bada zuen asmaturen Landibarre xokhoa bera asaldatu beharra zuela delako «libertate»-aren sukharrak? Bainan nehork uste ez dituenak gerthatzen! Gau batez —otsail ondarra bide zen edo ephail hastea, ez niakike xuxen— gau batez arren, gosturik hoberenean lo zagoelarik, gizon andana bat athera joan zaion Hiriart aphezari. Jo eta jo, panpaka, erretora lotarik iratzar-arazi zuten: nunbait, norbait eri txar zitakeela, aphezak bi jautziz, hala-hala, athorra has, ohetik leihorat jo zuen.
Zer irri zafla, jakin zuelarik bere arthaldeko akher-marroetarik zonbait han zituela; berehala, «libertatearen zuhaitza», benedikatu behar zaiela, jauts zadien oihuz! Erdi trufa, erdi musika, erretorak ihartdetsi zaien: zuhaitz landatzen artzeko baino lo egiteko ordu hobea zela. Bainan erran bazuen, erran, jazarri zitzaizkon gure gaubele errepublikanoak…, eta nola?… baizik eta, gogotik ez bazuen, gogozgarai, galdatua eginen zaiela. Bai eta, heien izkirituek eta mehatxuek aphezñoari irriak sarthu! Egiaz, etzen gehiago trufarik, ezen, hainbestenarekin, gure putikoek, oldarrean, athea pusketan emaiten baitzuten eta, uholdearen pare, etxea beretzen.
Gauzak zertarat zohazin ikhusirik, izitua, harritua, Hiriart gaizoak leihotik jauzi egin zuen kanporat eta, gauak gauari, Xurrutako aldaperi goiti lekhuak hustu. Bainan, bere soineko arinarekin, apheza, Garakotxeko alhorretan barna, lauazka zohalarik, hartaz eta beren «libertatearen zuhaitzaz» gure errepublikano zintzoek etzuten axola handirik. Nunbaitikako edalearen sudurra! Jo zuten sotorat: omenak zion eiki Arretxekoa zela ondo hotako sotorik hoberena eta aberatsena, bere baitharik bezala, herriko arnorik gozoena aphez etxerat zohala.
Egia othe zion bada omenak?… Badakite! Dena dela, huna zer gerthatu zen: goizalderat, argi xirrintan, aphezñoa —zen bezain arinki emana, ikhusia izaiteko ez baitzuen gutiziarik— gordeka etxerat itzuli zen eta bere putikoak kausitu zituen… mahainpean zurrungan! Erran gabe doha, firrindan, philtzar batzuen pare, kanporat eman zituela… ihitz-hotzak freska zitzala.

*
Honoré Elissetche (1864-1879) Zibitztarrak, Hiriart Martin, Khanboarrak utzi saila jarraiki zuen: Behauneko sankrestia hunek egina da. Jondone-Martineko lanak aldiz iduri luke bazterrerat utzi zituela: alabainan sailak oro ezin batean ereman. 1879an, Honoré Elissetche erretor Jutsuerat igorria izan zen jaun aphezpikuaren manuz.

*
Elissetchek Behaunetik lekhuak hustu zituelarik, norbaitek ederki atsegin hartu zuen: eta norbait hura zen Charles d’Eliceiry, Dominxaneko erretora. Aspaldian, beste irritsik etzuen d’Eliceiry jaunak baizik eta, lehenago, mendeak dituela, haren oseba aiphatuenetarik batek gidatu herriaren bazkatzea. Kargu handiagorik gutizia zezakeen, ja, bi aldiz, Jaun aphezpikuak eskainia zakon, behin, Donaphaleuko ikhastegian buruzagigoa, gero, Baiona-San-Luis-go etxe handiaren gidatzea; bainan haren amets bakharra zen Landibarreko erretor izaitea. Eta, beste askok ez duten zoriona, harek bere ametsa egiaztatu: 1879an, Behauneko erretorgoa ardietsi zuen.
Marc Antoine zenaren odoletik bazuen Charles-ek, osebari zorrik ez duke ilobak. Bizkortasun handiko gizona, lan bat etzuen oraino bururatua, ja beste bat gogoan zuela. Dela Behauneko, dela Jondone-Martineko prediku-alkhitik ardura diru-galdea aiphu zen; egiaz, berak ere ausarki zeman, eta bere arbasoetarik zuen ondokotasunaren zathirik ederrena herriaren onetan du igorri. Sail gaitza bururatu du Landibarren: bi elizak handitu eta aphaindu, seroren etxea egin, erreboteak altxatu, gaintiarrer bide on bat zabaldu.
Jondoni-Martineko aitoren-seme zaharren azken umea, larderia bazuen, eta, bere zaldiaren gainean, herriko bidexkak iragaiten zituelarik, bat-bederak aithor zuen nausia zabilala menekoen begiesten. Traka hortako aphezeri ederki zioakete kalonjeen xingola gorria; Jaun aphezpikoari ere hala zaion iduritu eta, 1887ko maiatzaren 27an, Charles d’Eliceiry ohorezko kalonjeen lerrorat zuen altxatu.
Bizkitartean, adinetan han-harat zohan gure kalonjea eta hiruetan-hogoi urthetako zango batzuentzat, Landibarreko harat-hunatak nekhexko dire: 1890ko agorrilan, eman zioten bikari bat. Erretorak bikariari utzi zion Behauneko aphez-etxea eta joan zen, bera, Jondone-Martineko arbasoen jauregian bizitzerat.
Mendietako haitza ortziak baizik ez dezake aurthik; gizonen artean, Charles d’Eliceiry haitzaren iduriko zen. Holako gizonak elbartasunak detzazke bakharrik lurrera: tipustapastean, erretor suharra delako eritasunak jo zuen meza-sainduaren emaiten ari zelarik. Zonbait urthez, halere, gaitzari berari ihardoki zion; bainan azkenean, gaitza nausitu: hil zen d’Eliceiry 1901eko hazaroaren 24an.

*

Nola egunak, hala erretorak: bata-bestearen ondotik, ez ordea bata-bestearen idurikoak. Eliceiry handikor bezain, Apphardoy eiki xehekor; bata haitzaren pareko, bestea kanaberaren iduriko. Askok, herrian, Remi deitzen zutena baino gizon mintza-erretxagorik ez bide da munduan, ez eta ere lañoagorik. Behialako erretor auzilari ziberotarrak, ja aspaldian, ahantziak ez balire ere izan, Apphardoyek, bere maithagarriaz, heien omen hitsaren itzaltzekoa bazukeen.
Erretor xehelañoak bazituen, bizkitartean, bere handiostarzunak. Ihiztari errabiatua —diote erretor berria Iholditik Landibarrerat zizpa bizkarrean sarthu zela— ez zezakeen onhar beste ihiztari batek harek baino balentria handiagorik ukhan zezan: loria omen baitzen hari beha egoitea ihiziaz solas zuelarik. Dena dela, eta hau, berak khondatzen ohi zituen balentriak bezain egia da, Remi gaizoak azken hatsa eman zuelako berria hedatu zelarik, Ipharlatzetik Laphazabalerat Landibarreko erbiek mutxikoak eman zituzten, erretor zenak bizirik utzi lapin bakharra ttunttunlari!
Zaldietan ere gostu gaitza zuen eta bere irritsa, eskualde guziko kabala begikoenaren ukhaitea. Atsegin egin nahi zionak aski zion erraitea: «Norena da bada zaldi eder hori?» Bainan berearen goresteko, bestenen aphaltzea etzuen guphida eta jaun Aphezpikuak ez bide du ahanztekoa behin, Oztibarre xokhoan, Apphardoy zenak bihurtu ahapaldia. Jakinik bere zaldiaz gogotik bazuela espantu erretor onak, galdatu zion zer zerasan harenetaz ; bai eta, ahoan koropilorik gabe, erretorak ihardetsi: «De vieilles haridelles, Monseigneur, de vieilles haridelles!»
Hain maite zuen Landibarreko lurrean dago Apphardoy ehortzia, zeru gainetik bide baitio oraino zonbait behako gure xokoari.

*

«Orhiko xoria, Orhin lakhet» dio erran zaharrak: Eskualduna ez othe dugu Eskual Herrian gehiago lakhet? Mendetik menderat, urthetik urtherat, gure xokhoak husten ari zauzkigu. Duela ehun urthe, zortzi-ehun egoiliarrez goiti bazituen Landibarrek, bederatzi ehun zonbait eskas; mende batez kasik erditarat jina dugu. Eta bertsua ez othe da beste asko herritako goiti-beheitia.
Bizkitartean, iduri luke, hogoita hamar bat urthe hautan, bere heinaren idukitzerat dohala. 1836etik, 1846erat, herria, hamar urthez, hiruetan hogoi ta hamahiru arimaz gutitu zen; 1901etik, 1931etarat, hogoita hamar urthez, hiruetan hogoita hiru arima ditu galdu, anartean, nahiz gerla gerthatu den. Gaurgoitik, berriz goiti doha; Jainkoak eman dakiola oraino bizi eta ospe.
Atzo hala-hala
Egun hola
Bihar, Jainkoak daki nola!

(*)Ostopetarra izengoitia: Manex Pagolaren ustez, Manex Athor apezak artikulu hau idatzi du.

Commentaires

Posts les plus consultés de ce blog

Clément Urrutibehety: Les seigneurs de Luxe. Les communautés de donats

Histoire des Haramboure

Hilarriak, atalburuak: Isabelle Thévenon, Jean Etcheverry-Ainchart, Lucien Etxezaharreta/Isabel Thevenon